Ibilbidea- Triano auzoko mendietako meatraritza ustiategien aztarnak - Ortuella - Baliabide Turistikoen Gida

Baliabide bilatzailea
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Ibilbidea- Triano auzoko mendietako meatraritza ustiategien aztarnak

Ibilbidea Golifar auzoan hasi dugu, Renfeko Familia Santuaren geralekuan, aldiriko zerbitzuetako trenbidearen gainean dagoen zubia zeharkatu ondoren. Ezkerreko bidea hartu dugu, Siderita laberantz.
Granada industrialdeko pabiloietara doan bidea (ezkerrekoa) alde batera utzi, aldapa txiki bat igo, eta eskuinerantz joan gara, etxe artean, ur biltegi zahar bateraino.
Ur biltegia eskuinean utzi, eta gorantz jarraitu dugu. Berehala, bidegurutze batera iritsi gara, eta ezkerreko bidexkari jarraitu diogu. Granada errekako putzuetako atseden eremua begien bistan dugu, industrialdearen ondoan.
Inguru horretan Granada auzoa zegoen, eta bertatik izen bereko erreka igarotzen zen. Emari handiko erreka zen, eta ondorioz, oso lagungarria izan zen inguruko meatzaritza jardueretarako. Lokatza dekantatzeko bi putzu egin zituzten, eta 1964ko urriaren 11n Granada amildegiko goialdean zegoena lehertu zen. Ondorioz, beherago zegoen putzuak gainez egin zuen. Gertakari horren ondorioz auzoa biztanlerik gabe gelditu zen.
Zuhaitz artean, eta azkeneko aldapa igo eta zuhaiztitik atera baino lehen, eskuineko aldean, tunel baten ahoa aurkitu dugu. El Zarzal meategiko zakartegitik mineral garbitegira txirta eramaten bagonetak bertako trenbidean barrena ibiltzen ziren.
Tunelaren ahoa ikusteko arretaz begiratu behar da; izan ere, ia estalita dago, sasi artean. Gainera, bidean zuhaitz erori bat dago, eta haren azpitik igaro beharko dugu.
Zuhaiztitik atera ondoren, El Zarzal meategiko zakartegitik zetorren minerala garbitzeko azpilak hornitzen zituen ur biltegiaren aurriak daude (aurriak Granada errekako putzuetako atseden eremutik hobeto ikusi daitezke).
Bidean aurrera eginez beste desbideratze bat dago, eta guk eskuineko bidexka hartu dugu (hondakin geldoen zabortegiko hesiarekiko paraleloa den bidea, Orconera auzora doana). Orconeratik Lutxanara (Barakaldo) bitarteko meatzaritza trenbideak zeharkatzen zuen tunela ikusi dezakegu bertatik. Bidea zabortegiko hesiarekiko paraleloa da, eta Orconera meatzari auzoraino eraman gaitu. Gorantz goazela Cadegal auzoa ere ikus dezakegu, goialdean.
Ia aldaparen amaieran, eskuineko aldean, tunel baten ahoa dago. Mineralez betetako bagonetak bertatik ateratzen ziren. Aurrerago, eskuinerantz doan bide batek Cadegal meatzari auzora eraman gaitu. Leku bikaina da Ortuellari so egoteko.
Orconera auzora iritsi ondoren, etxe sail bat ikusi dugu. Batzuk zaharberrituta daude, eta beste batzuk, berriz, egoera txarrean.
Kalean auzoko biztanleren batekin topo eginez gero harekin mintzatu ahal izango gara. Ziur asko bere bizipenak edo arbasoenak kontatuko dizkigu.
Auzoan atseden hartu ondoren, lurrezko pista bati jarraitu diogu, etxeen eskuinaldetik, Triano eta Zugaztieta lotzen dituen errepideraino.
Inguru honetan ere meatzaritza garaietako aurriak eta aztarnak aurkitu ditugu.
Pistan gora abiatu ondoren, eskuineko aldean, Macho harrobiko zelaiguneko aurriak daude. Bertatik, minerala bagonetaz jaisten zuten Orconera auzoko tren geltokira.
Hurrengo bidegurutzean eskuineko bidea hartu dugu. Bertatik, zelaigunea hobeto ikusiko dugu. Gorago, zelaigunearen ondoren, Macho harrobiko konpresore aretoko aurriak daude. Egurrezko zubia zeharkatu dugu. Metro batzuk gorago, ezkerreko aldean, tunel baten ahoa ikusi dezakegu. Bertatik, mineralez betetako bagonetak ateratzen ziren, eta zelaigunean behera Orconera auzora jaisten ziren. Bi bat metro aurrerago, barrunbe bat duen arroka dago, harrobiko dinamita gordetzeko bolborategi zaharra.
Pista zabal batek errepideraino eramango gaitu, baina hara iritsi baino lehen etxola bat eta Macho harrobiko aurriak daude. Etxolan, hain zuzen, errementeria zegoen, eta bertan bagonetak konpontzen zituzten. Errepidera iritsi ondoren, ezkerrerantz Zugaztieta dago, baina guk eskuineko bidea hartu dugu, Abanto-Zierbenako Triano meatzaritza auzora joateko. Auzoa zeharkatu eta Peñas Negras Interpretazio zentrora joan aurretik pintxo bat eta freskagarri bat hartu ditzakegu tabernaren batean, atseden hartu eta indarrak berritzeko.
Atsedenaldiaren ondoren, Triano auzoa zeharkatu eta bideari jarraitu diogu, eskuineranzko desbideratze bateraino. Guk aurrera eta gorantz jarraitu dugu, beste bidegurutze bateraino, eta han ezkerreko bidea hartu dugu. Metro batzuk aurrerago, gaztainondo artean, Meaztegi golf zelaia ikus dezakegu, oso-osorik.
Hurrengo bidegurutzean bidea utzi eta eskuinerantz abiatu gara (egurrezko seinale bat dago bertan). Asfaltorik gabeko bidexka batean gora abiatu gara, abeletxe baterantz.
Interesgarria da noizean behin gelditu eta atzerantz begiratzea. Golf zelaia, Triano auzoa, eta urrutian, Abra estuarioa (Areeta, Algorta, Santurtzi, Portugalete...).
Abeletxera iritsi ondoren, oso gutxi falta da ibilbidea amaitzeko. Bideari jarraitu eta Zugaztietatik datorren errepidera iritsi gara. Eskuinerantz, pinu artean, 50 bat metrora, Peñas Negras Interpretazio Zentrora iritsi gara. Bertan, jan, freskagarri bat hartu, eta Triano auzoko mendietako meatzaritza jardueraren historia azalduko digun bideoa ikusi dezakegu.
Larreineta auzoko funikularraren eta minerala garraiatzeko pertz linea baten maketa ere ikusi dezakegu. Inguruko argazkien bilduma bat ere badago.
Ibilbide beretik itzuli gaitezke, Orconera auzoraino, eta han Cadegal auzoko bidea hartu dezakegu. Ortuellako ikuspegirik onenak bertan ditugu. Asfaltozko errepide batean behera jaitsi gaitezke, abiapunturaino.


48530 Ortuella - Bizkaia

Informazio Gehiago (PDFa Deskargatu)

Baliabide Turistikoen gida. Atsedenlekuak, Flora eta Fauna, Monumentuak eta Museoak, Parkeak, Ibilbideak...

Baliabide Turistikoak

Aisialdirako guneak, Flora eta fauna, Monumentu eta museoak, Parkeak, Ibilbideak...

Baliabide bilatzaile azkarra

 
Aurki itzazu Enkarterriak. Turismo Bulegoak

Enkarterrietako eskualdea

Enkarterrietako eskualdea ez ezagutzea zerbait galtzea da... Enkarterrietako lekua, leku sorgindua, erdi aroko zubiak, jauregiak, iraganera eramaten gaituzten dorretxeak, Oñacinos eta Gamboinos banduen arteko borroka odoltsuen testigantza daramatenak... Barrura zaitez eta aurki ezazu zure barruan dagoen eskualdea.