Ortuellako plazak, Kantalizioko San Felix elizaren oinetan, gure oinak esnarazi ditu txilibitu hotsaren erritmora. Txistu hots durunditsua Renfeko tren geltokitik dator, eta gu ere hara goaz. Hamarkada gutxi igaro dira Putxeta edo Galdames izeneko tren makinek mineralez betetako bagoiak atzera eta aurrera ibiltzen zituztenetik. Orain, bidaiarien tren modernoek hartu dute haien lekua. Geltokia ezkerreko aldean utzi, eta trenbidea gurutzatu dugu. Gallarta auzora igotzen den errepidea gurutzatu dugu, Gallo taberna eskuineko aldean utzita.
Betoizko aldapa gogor batek “Minas y explotaciones SA” enpresaren Mina Bilbao meatzean gelditzen den kiskaltze labe bakarrera eraman gaitu, zuzenean. Labea ia ez zuten erabili.
Ezkerreko aldetik, kareharrizko harea pilak igaro ondoren, atzealdean dauden eskaileretara gerturatu gara, eta handik, lehenengo balkoiraino. Ate herdoildu bat kontuz ireki dugu, barrualdea ikusteko. Iluntasuna agertu da, abisatu gabe. Gure buruan, antzinako soinuak. Kargatzaileak lehergaiak sartzen, hurritz makilak eta buztin-urez bustitako trapuak erabiliz, beroaren eraginez dinamita lehertu zedin saihesteko. Zulo txiki bat, lehergai karga, eta pum! Minerala behera....
Zoruan dagoen tobera batek minerala bagoietan kargatzen zuen, eta gero... txapela buruan eta ibili munduan! Azkeneko bagoia, hainbat hamarkadaz labearen altzoan egon zena, Gallartako Meatzaritza Museora eraman zuten. Bertan dago ikusgai, merezi duen bezala zainduta, meategietan erabiltzen zituzten hainbat erreminta eta lanabesekin batera.
Haurtzaroko oroitzapenak ekartzen dizkigun labea penaz utzi, eta berriro ere bideari ekingo diogu, aldapa gogor batean gora.
Saugal auzoko plazara iritsi gara. Bertan, meatzarien etxe zaharrak daude, batzuk berrituta eta besteak egoera txarrean. Haien artean, San Joanen irudia nabarmentzen da.
Ezkerreko aldetik igotzen den adarra aukeratu dugu, zabuak dituen parte txiki batetik gora. Metro gutxiren buruan, oso altuera txikiko tunel batetik igaroko gara. Badirudi kopeta-ileak orraztuko dizkigula.
Txakur baten zaunkak adierazi digu beheranzko bidea ez dela zuzena, eta gorantz jarraitu dugu, labearen gainean dauden barrakoietaraino. Mina Bilbao meatzeko makinetarako tailer zaharrak, zalditegiak. Gogoan ditugu pentsu gisa erabiltzen zituzten baba zakuak, meatzarien komunak, kobratzeko bulegoak...
Guztia erabat hondatuta dago. Meatzaritza garaietako oroitzapenak ere hala egonen lirateke, dozena erdi lagunek bizirik eutsiko ez baliete.
Errepidea lokaztuta egon ohi da. Hurrengo harrobira abiatu gara, beherazko pista alde batera utzita. Bertan, arroka eta harri pilak daude, eroritako eraikinetatik gertu. Basamortu itxurako paisaia da, bertan behera utzitako paisaia, eta nonahi dagoen Serantes mendiak ostertza ebakitzen du.
Sahats gazte bakarren batzuek eskerrak eman dizkigute gure bisitarengatik. Laugunea bukatzearekin bat bidea bitan banatzen da, eta guk ezkerrekoa aukeratu dugu, aldapa handikoa bada ere. Ahuntz talde bat bizkor urrundu da, izututa.
Igoera sigisagatsua da. Laugune batean atseden hartu dugu, une batez, eta harrobiak utzi duen zulo sakonari behatu diogu.
Berriro ere aldapan gora abiatu gara, bihurgune bateraino. Gallarta eta Oroconera lotzen dituen errepidea dago bertan. Gure zangoak asfalto gainean daude orain. Ingurune surrealista da, legez kanpoko zakartegi eta zabortegiz betetako ingurunea, Concha meategiak utzitako zulotik gertu, La Barga izeneko karst ederraren azpian.
Laurehun bat metro asfalto gainean egin, eta Cadegal auzoko bidera iritsi gara. Auzoak oasi bat dirudi. Plaza bakartia, eta bertan fruitu arbola txikiagoen artean nabarmentzen diren mimosa, akazia eta eukalipto bat edo beste. Beherago Ortuellako herrigunea dago, eta eskuineko aldean, meatzaritza labe bitxi bat, Apold-Fleisner motako bakarra, Granada errekako amildegiko industria pabiloien ondoan, herriko atseden eta kirol eremutik oso gertu.
Beste aldean, guztia bere kabuz hondatzen duen harrobia.
Bat batean, ingurua aldatu da. Oraingoa freskoagoa da. Berdea gorriaren aurrean. Cadegal auzoko plazak dorre bat utzi digu ikusgai, ezizenez Hamlet esaten dioten dorrea. Haren ondoan monumentu txiki bat dago, Bonifacio Pinedo Quincoces maisu ospetsua gogora ekartzen digun monumentua. Beste irakasle batzuk ere gogoan ditugu; hala nola Catalina Gibaja, Marcelino Ugalde edo Victor Uriarte Capelastegui.
Talaia horretatik Ortuella osoa ikusten dugu, meatzaritzak zigortutako herria, oraindik ere hain gertu dagoen iraganaren ondorioak nozitzen dituen herria.
Betoizko pista batek, plazatik behera dagoen bakarrak, Ortuellako herrigunera itzultzeko gonbit egiten digu. Eskuineko aldean garbitegi bat utzi dugu, eta aurreraxeago Cadegal auzoko azkeneko etxea dago, gereziondo handiz inguratua.
Betoizko pista bateraino iritsi gara. Euria egin du, eta pista labainkor dagoenez, inguruko belar harroan barrena jarraituko dugu. Bide sigisagatsua saihesteko aukera ematen diguten bidezidorrak ere badaude, baina nahiago dugu lasai-lasai ibili. Hori guztia alde batera utzi, eta leku ederrak ditugu ikusgai, belar eta kareharri artean. Ezkerreko aldean ur biltegi txiki bat utzi dugu, eta minutu bat beherago, lurrezko pista bat alde batera utzi ondoren, beste biltegi bat ikusi dugu, kamioi iraulki formakoa, petrolioaren eratorriak garraiatzen dituzten kamioien formakoa. Haren alboan jaiotzen den pista estua aukeratu dugu. Atetzar berde baten ondoan dauden asketatik gertu igaro gara. Gallarta eta franko-belgikar konpainia Urien harrobitik gertu lotzen zituen pertz linea edo aireko tranbia baten parte dira.
Bidea estutu egin da. Lehenengo etxea ezkerreko aldean utzi eta etxe horren eta hurrengoaren artean dagoen etxartea aukeratu dugu, lehenago aipatu ditugun asken azpian dagoen tunela ikusteko. Meatzaritza eremuko tunel asko bezalaxe, herritarrek babesleku gisa erabili zuten gerra zibilean.
Etxartean atzera itzuli, eta Golifar auzoan sartu gara. 28. etxea dagoen lekuan malda bitxia duen errepideak udaletxera eramango gaitu.
Duela zenbait hamarkadako auzoa dirudi. Pilatuta dauden etxetxoei meatzaritza usaina darie. Utzitako auzoa dirudi. Luzatu gabe, trenbidea zeharkatu dugu, udaletxearen atzealdetik. Garai batean, meatzari espezializatuenen norgehiagokak egiten zituzten bertan, harri-zulatzaileen norgehiagokak.
Azkeneko urratsak eman ditugu, udaletxera iritsi aurretik. Kareharrizko hartxintxar pilen artean Mina Bilbao meategiko kiskaltze labea ikusi dugu berriro, han-hemenka fruitu arbolak dituzten belardi berdeen ondoan. Burdin usaina duen brisa leunak ilea kulunkatu digu, eta hobeto sentiarazi gaitu.
48530 Ortuella - Bizkaia
Aisialdirako guneak, Flora eta fauna, Monumentu eta museoak, Parkeak, Ibilbideak...
Enkarterrietako eskualdea ez ezagutzea zerbait galtzea da... Enkarterrietako lekua, leku sorgindua, erdi aroko zubiak, jauregiak, iraganera eramaten gaituzten dorretxeak, Oñacinos eta Gamboinos banduen arteko borroka odoltsuen testigantza daramatenak... Barrura zaitez eta aurki ezazu zure barruan dagoen eskualdea.